Zaila da Euskal Billeraz hitz egitea bere sukaldeak aipatu gabe. 1901ean jaio zen gure elkartea Donostiako Parte Zaharrean, eta gure estatuetako lehenengo artikuluak dio elkartearen helburuetakoa bat “sukaldaritzarako eta gastronomiarako zaletasuna sustatzea eta zabaltzea” dela. Errezeta hauek argitaratzeak lehenengo artikulu hori osatu nahi du. Zeinek daki… agian gure belaunaldia  izango da era osasuntsu eta zintzoan jan izanaz harro egongo den azkena…

Billera elkarte gastronomiko bat da. Bazkideok sukaldea maite dugu. Maite dugu sukaldean sortzea eta maite dugu sortutakoa mahaian dastatzea. Sukaldari afizionatuak gara, nork bere lanbidea dauka, nork bere pentsaera, baina elkarteak denok berdintzen gaitu, denok berdin eta zoriontsu, sukaldearen inguruko guztia festa bihurtuta. 

Ba al dago lagunentzat kozinatu eta lagun artean oturuntza egitea baino hoberik?

Donostiako elkarte batean bazkaltzera edota afaltzera sartzea gure kulturan bete-betean murgiltzea da, eta txoko honen bitartez bultzatu nahi zaituztegu gure plater tipikoenak prestatzen ikastera. Hori bai, bertako produktuak erabilita, freskoak eta garaian garaikoak.

Parte Zaharreko elkarteok gure oinarri historiko zein kulturalak mantendu ditugun arren, gaur egungo gizarteak bizi dituen aldaketetara egokitzen jakin dugu.

Jan-edan onekoak gara, eta gure elkarteetan sukaldari on askoak daude. Sarri askotan gure errezetak partekatzen ditugu, bai elkarteko kuadrillekin, bai auzoko elkarteetako lagunekin ere.  

Errezeta-bilduma honetan ez duzue goi mailako sukaldaritzarik topatuko. Bai, ordea, denoi gustatzen zaizkigun errezetak; elkarteko sukaldaritza handia, betikoa eta herrikoa. Sukaldaritza mota bat zeina milaka euskaldunek prestatzen duten arratsaldero gure elkarteetako sukaldeetan, pasio handiz eta lagunak gogobetetzeko asmo hutsez prestatu ere. Sukaldaritza mota bat zeina euskal-tradizioetan oinarritzen den. Sukaldaritza xumea da gurea, denon eskura dagoena, kalitate handiko lehengaiak erabiltzen dituena.   

Errezeta-bilduma honetan aurkituko dituzuen menuek une zoriontsu franko eskaini dizkigute gure elkarteko mahaien inguruan eta horixe bera opa nahi dizuegu zuei: guk bezainbeste goza dezazuela errezeta hauek prestatzean eta dastatzean.

 

On egin!!

loading...
Sarrerak
Arrainak
Haragiak
Postreak
Bideoerrezetak